XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Parroki eta herri mailan ere baziren hemen zetorkeen eliz-berrikuntzarako asko balioko zuketen taldeak.

Hala leku askotan gogotsu eta lehenengo mailan azaltzen zen Katoliko Egintza hura (Acción católica) bere adar berezi eta guzti.

Itxaropengarriak ziren batez ere, gazteen taldeak.

Herri gehienetan bazen mutilek osatzen zuten Luistarren Kongregazioa.

Ugariak ziren nonnahi Mariaren Alabak.

1950tik 1960rainoko hamarkadako gauzak esaten ari naiz.

Dena zen pozbide, dena itxaropengarri Elizako sailetan.

Nola ez hemen gogoratu Kristau Langile Gaztedi hura (JOC)? Edota Baserri Gaztedi hura, gerora Herri Gaztedi bilakatu zena? Gure Seminarioak eta erlijiosoen Hezkuntz etxeak ere beteta zeuden...

Aldi hartan Erroman Aita Santu maitagarri bat bagenuen:

Joan XXIII.a zen; zaharra baina santua; urtetsua baina mundu berri baten ezaugarriak ikusi eta erakutsi zituena; idazki itxaropengarriak lur guztira zabaltzen jakin zuena: Mater et Magistra hura eta, batez ere, Pacem in terris hura!

Elizan udaberri zoragarri bat zabaldu zuten.

Eta Euskal Herrian ere poz berri bat sumatzen zen; ikastolak han hemenka jaiotzen, bertsolari onak ugaltzen, eta herriz herri, gitarra eta guzti, Iparragirre gazte asko kantatzen.

Ekaitzaren ondorengo poza munduan eta Elizan ikusten hasi ginen.

Poza bai, baina baita zauriak, baita akatsak ere bazituen gure Amak.

Bere semeen artean bakea jartzen ez zuen jakin.

Euskadin ez behintzat.

Tamala! Bere apaiz asko ere zaputz eta penaturik zeuzkan.

Gogora 1960an 339 apaizek izenpetutako eskutitz hura.

Euskadi txiki honetako hiru gotzainei herriaren minak agertzeko idazkia zen.